
6-ZERTAN ARI ZARA?: Ez dute xamur galdetzen, herraz baizik. Nori ote? “Beno, hor ikusten zaitut geldirik, hatza airean, zuretzat nahi duzu egiten dugun guztia.” Nor ote da jaun kapar hori, ikusezina dela uste duena? Letran ez du argitzen, beraz, nire kontzeptuari jarraituz pentsatzekoa dut musikako jauntxo bat dela. “Nor uste duzu zarela? Uste duzu izan bat zarela, hiria menperatu nahian, beti saiatzen gu bazter batean uzten.” Gezurrak eta azpijokoak erabiltzen. Ultimatum bat egiten diote: jokabidea aldatu, bertzenaz utikan!
7- GAUEKO HEGALDIA:Aireportu bat, gau betean, baina jendea harat eta honat, lasterka edo denbora egiten. Erdian musikari gazte bat, jaiotiria utzi eta bizitza berri bat asteko asmotan. “Zergatik saiatzen naiz? Nik badakit. Barne sentimenduek erraten didate joateko ordua dela. Burua garbi, bizitza berri bat aitzinean. Orain erregea izan nahi dut, ez peoi bat gehiago.” Leloan datu berri batzuk datoz, argigarriak: ez da lehen aldia: “Berriz aldatzera noa nire bizitzaren norabidea. Agur maitea…” Bizitzaren atal berri bat, beldur pixka bat, orduak pasatzen, bakarrik… “Nire bizitza gaur hasten da.”
8- GOGORATZEN: mezu baikorragoa: “Badago garai bat ahalik eta hobekien sentitzeko, eta momentu hori oraintxe da, inor kez gaitu geldituko. Badago garai bat ahali keta hobekien bizitzeko. Gure atzean hautsa baino ez duzu ikusiko.” Garai onak, eta etorkizuna ere argitsu dator, ez dago kezkatzeko edo tristetzeko arrazoirik. Orduan, zertarako gogoratu? “Gure memoriak gogoratzen digu bizitzaren bidea ez dela hain txarra, agian.” Etxetik urrun, baina segi aurrera, giran. Kostalde batetik bertzera, kontzertuz kontzertu: “lurreko hiriek eskua luzatzen digute, ongi etorria eginez, goizera arte, berriz abiatzeko momentua denean.”
9- LANGILEA: hari narratibo edo kontzeptualari jarraituz, azken finean bizitza ez zaio hainbertze aldatu. “Gizon langilea deitzen didate. Bai uste dut horixe naizela”. Zazpietan jaiki, bederatzietan lanera, egun guzia lanean. Arratsaldeko bortzetan etxera buelta, garagardo hotz bat edan, beti liluratu antzean, zergatik ez zaidan deus berririk gertatzen. Eta aldatzeko amets lainoa: “iruditzen zait askoz bizimodu hobea izan nezakeela, eta horrexegatik deitzen didatela, gizon langilea”.
10-AMAIERAN: amaitzeko, hitz xalo batzuk, buruz buru erranak, norbaiti (musikariak entzuleari?), zuri: “Badakit zer erran nahi duzun… senti dezaket sentitzen duzuna… sentimenduak goraka doaz, hartzen ahal nauzu une batez, eta irri eginarazi, amaieran.” Baina azken konpasak gero eta ezkorragoak dira: “Egin dezaket zuk egiten duzuna, baina zuk hobe egiten duzu. Eta negar egin dezaket zuk bezala, baina horrek tristeago jartzen nau. Distira egin dezaket zu distiratzen zaren bezala, baina horrek ez nau argitsuago egiten. Baina zuk bezala pentsatzen badut, horrek ez du nire zama arinago bihurtzen.” Azken finean, musikak liluratu egiten gaitu, eta batzuetan gure onena edo sakonena aterarazten ditu… Baina ezin ditu gurekin mirariak egin, ezta hala?